XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LUKUZE'KO - (Gozatuta). Hori, besterik da... Hontara, baliteke alkar aditu ahal izatea. Entzun: Hire aitak, tratu bat egiñik zeukak Grazian Gramont deritzan Olhaibi'ko jaunarekin. Tratu honen bitartez, herorrek badakiken bezala, gerrate guzitan alkarri laguntzeko agintza egiña zeukatek. Gracian Gramont, Olhaibi'ko eta Hauze'ko jauna ene etsairik haundiena izan duk gaztetandik. Haren billaukeriak ez ditek izenik.

1425'etik 35'erako bitartean agramontesak eta Lukuzetarrok, Joanes de Foix bitarteko genuela, egin geniken hamar urteko bake-aldia ere etziken errespetatu. Noiz-nahi, bere gizataldeek nire jendea hiltzen, bazterrak sakailtzen, etxeak sutzen, emakumeak galtzen ziarduten. Bake-ituna amaituz gero, gure etsaigoa biziago eta gordiñago billakatu duk, eta elkarrenganako gorrotoa eta odol-egarria duk gutarteko bizilege bakarra.

BERTRAND - Ulertzen dizut... Baiña, ene aitak eta nik ez dizugu sekula kalterik egin. Ez ditugu zure barrutiak ankaperatu eta sakaildu, ez dugu zure eremuetan burdiñazko heriotzarik egin...

LUKUZE'KO - Egia diok, baiña, hala ere, burua lehengo lepotik zeukat. Zuek, adiskidego tratuaz lotuak zaudete nire etsaiarekin, eta nire etsaiaren adiskide dena, ene etsaia duk.

BERTRAND - Eta Grazian Gramont'ekin dugun alkar-laguntasun tratua hautsiko bagenu, aginduko ahal zenidake zure alabaren eskua?